XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gizon ona da, baina, ox!, demonioak berak ere ez du hura engainatzen!

Orduan, Espainiara aldegin nahi zuen eliz-gizon haietako bat Hèrraboc-eko abadea izan zen.

Nire osabak hartu eta pasatu egin zuen.

Sent-Bertran-de-Comenges-etik pasatu nahi zuen, hortik Aran-go haranera sartzeko gero.

Baina, abisua eman zieten, muga parte hori oso zainduta zegoela, eta orduan osabak itzuli handi bat eginez Limós eta Alet-etik pasatzea pentsatu zuen, hortik Capeir herrialde basatira iristeko.

Herrialde hau Frantzia aldekoa da, baina jendeak katalaneraz hitzegiten du.

Esaten dutenez, bertako arrazakoek topatzen dituzten kristau denak hil egiten dituzte, eta gero jan egiten dituzte, batzuetan gordinik, bestetan labean errerik.

Osabak aditua zeukan, baina egia ote zen nahikoa duda egiten zuen.

Katalaneraz oso ongi daki nire osabak, baina ezer ez dakienaren aurpegia du.

Hèrraboc-eko abadeak, berriz, ez zuen katalanez tutik ere ulertzen.

Orduan, gau batean, han suertatu ziren biak, Capeir-eko eskualdean.

Mugatik oso gertu zeuden, baina hanka bat bestearen aurrean ipini ezinik, oso nekatuta, eta gosetuta gainera.

- Abade jauna esan zuen nire osabak, hemen ikazkinen borda bat dago.

Sar gaitezen, afaldu eta lotara gaitezen.

Bihar goiz-goiz abiatuko gara eta eguzkia atera orduko Espainian izango gara.

- Zuk nahi duzuna - erantzun zuen abadeak.

Bordan sartu, eta zazpi pertsona aurkitu zuten afaritan: hiru gizon, emakume bat eta hiru ume, zaharrena hamabi bat urtekoa.

Bordakoek ez zituzten gaizki hartu.

Ikazkinik edadetuenak Gaskoiko hizkuntzaz bazekien zertxobait; nire osabak, aldiz, ez zuen erakutsi katalaneraz ezertxo zekienik.